Kontzertu solidarioa Goikobaluren eskutik

Harreman gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, kontzertu solidarioa egingo dute egubakoitzean, otsailak 9, San Juan Bataiatzailea parrokian, 20:00etan hasita. Goikobalu Izartxoak, Goikobalu Txiki, Arrasateko Gazte Abesbatza eta Goikobalu Abesbatza ariko dira kantuan.

Urtero moduan, helburu argia duen kontzertua izango da: “Mota guztietako ezbeharrak pairatzen dituzten eta premia larriko egoerak bizi dituzten planetako eremuetako pertsonak ezagutaraztea eta laguntzea”. Hala adierazi dute Harremanetik: “Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu abesbatza horiei, ekarpen paregabeagatik”.

Goikobalu Izartxoak abesbatza Maialen Gonzalezen zuzendaritzapean ariko da; Goikobalu Txiki eta Arrasateko Gazte Abesbatza, berriz, Txomin Maidaganek eta David Vargasek zuzenduko ditu eta Goikobalu Abesbatza, azkenik Iñaki Maidaganek.

Indian eta Mozambiken

Kontzertuaren bitartez, Harremanek gura du gehiago ezagutaraztea Indian eta Mozambiken “pertsona askori etorkizun duinagoa izaten laguntzen dieten” proiektuak. Halaber, proiektu horietan bazkide edo laguntzaile gisa parte hartzera animatu gura dituzte herritarrak. “Azpimarratu nahi dugu bildutako diru guztia honako helburu horiek dituzten proiektuetara doala”.

Mozambiken, Mundukideren eskutik, nekazariekin batera lan egiten du Harremanek, hango herritarrek nekazaritza ekoizpena hobetu eta areagotu dezaten, “bizi-kalitatea pixka bat hobetzeko”.

Indian, bestetik, harrera-etxe batean, “familia oso pobreetako 200 haur baino gehiago” artatzen dituzte, eta “etorkizun duinagoa” izan dezaten, elikadura, heziketa eta osasun arreta eskaintzen diete.

Dirua, zuzenean proiektuetara

Harremanek “jarraipen zorrotza” egiten dio jasotako funtsen erabilerari, eta horiek zuzenean proiektuetara joaten direla nabarmendu dute Harremaneko kideek. “Ez dago bitartekaririk eta ez dago egitura-gasturik”, gaineratu dute. “Harremaneko kide guztiok boluntarioak gara, eta mundu justuago, jasangarriago eta solidarioago bat pertsona guztientzat lortzeko beste asmorik ez dugu. Eta gardentasunari begira, urtero egiten dugu proiektuarekin zerikusia duten alderdi guztien deskargu publiko eta zehatza”.