Arrasatek emandako 14.875 euroak Siriako ospitaleetan erabiliko dira

 

Harremanak antolatuta, siriarrentzako diru-laguntza bilketa egin da. Herritarrek eta Udalak 14.875 € eman dituzte, eta diru hori Medicos Sin Fronterasek emango du “Sirian behar handiena dauden tokietan”. Gaur egin dio transferentzia Harremanek MSF erakundeari.

595.Siria.Harreman.MSF.Diru-laguntza

Siriar herriari laguntzeko helburuarekin, Harremanek bilketa zabal bat antolatu du aurten, Udalaren eta Hotz Bergararen laguntzarekin.
Martxoan abiatu zuten laguntza biltzeko kanpaina, herritarrengandik oinarrizko produktuak eta diru-laguntzak jasotzeko.
Helburua zen eta da “Siria barruan, siriarrei laguntza ematea”. Oinarrizko produktuei dagokienez, maiatzaren 9an bidean jarri zituzten 303 manta, 128 lo-zaku, umetxoak eramateko 62 motxila eta 49 muleta.
Oinarrizko produktu hauek guztiak Harremanek bidali zizkion Asociación de Ayuda al Pueblo Sirio elkarteari, eta Madrilgo elkarte honek ardura dauka Siria barruan, siriarrei emateko.
Harremanen kanpaina orokor honen barruan ere, maiatzaren 31n, Alma Saavedrak, Medicos Sin Fronteras Euskadiko ordezkariak, hitzaldia eman zuen Kulturaten, siriarren eta osasungintzako profesionalen kinka larria salatuz.
Gaurko prentsaurrekoan Harremanek eta MSF erakundeak jakitera eman dute Arrasaten jasotako diru-laguntzaren zenbatekoa: 14.875 €.Laguntza hori herritarrek eta Udalak eman dute hilabeteetan zehar. Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute, besteak beste

595.Siria.Harreman.MSF.2.Diru-laguntza

  • Javier Ruiz de Munain, Harremaneko lehendakaria
  • Alma Saavedra, Medicos Sin Fronteras Euskadiko ordezkaria
  • Teresa Haran Iturraran, Harremaneko kide

Harremanek gaur bertan egin dio transferentzia Medicos Sin Fronteras erakundeari.
“Arrasateko herri guztiari eskertu nahi diogu, baita arrasatearrak izan barik kolaboratu duten pertsona guztiei ere”. MSFeko ordezkariak ere esker ona agertu du.
Harremaneko lehendakariak azpimarratu du “siriarrei bakea eta oparotasuna opa dizkieguela, eta hori lehenbailehen lortu dadila”.

Noiz iritsiko zaie laguntza hori siriarrei? “Urteko plangintza egiten dugu, eta dirua bidaltzen da beharra sortu ahala, baina herrialdea gerran dagoenez, zailtasun handiagoak daude laguntza emateko”.
Medicos Sin Fronterasek Alepon, Homs, Damascoko zona setiatuetan,… lan egiten du.“Osasungintzako profesionalek (siriarrek eta nazioartekoek) txapela kentzeko moduko lana egiten dute”.
595.Siria.Harreman.MSF.Diru-laguntza