Arrasateko Harreman denda, boluntario bila -La tienda de Harreman de Arrasate busca voluntarios

15 urte daramatza Arrasateko Harreman dendak Bidezko Merkataritzako produktuak eskaintzen. Geroztik, hego hemisferioko ekoizleen duintasuna izan dute helburu. 25 pertsonak eskaintzen diote euren denbora proiektuari musu truk, baina bajak direla eta, boluntario bila dabiltza orain.

Harreman denda edozeini zabalduta dago eta eskatzen duten gauza bakarra da gutxienez hilabetean behin joatea. Boluntarioen funtzioak dira txandak egitea (astelehenetik zapatura, goizetan 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldetan 17:00etatik, 20:00etara) eta azokako postuetan egotea. Gorka Martinezek hainbat urte daramatza denda kudeatzen, eta azaldu duenez, malgutasun osoa eskainiko diete boluntario izateko prest daudenei, norberaren ordutegia edota egutegia oztopo izan ez daitezen.

Orain arte, elkarlanean lortu dute Arrasateko eta bailarako hainbat denda eta tabernatan Bidezko Merkataritzako produktuak saltzea: kakaoa, azukrea eta kafea, besteak beste. Egindako lanagatik, eskerrak eman nahi izan dizkie Martinezek boluntarioei. Parte hartu nahi dutenek 628512278 telefonora deitu edota dendara bertara joan besterik ez dute.Capturadenda